Posta bidezko botoa
Posta bidez eman dezakete botoa bozketa-egunean botoa eman behar duten lekuan ez direla egongo aurreikusten dutenek eta mahaira joateko arazoak dituzten hautesleek.
- Aurrez aurre:
- Hautesleak posta bidezko botoa eskatzeko inprimakia bete eta eskuz sinatuko du. Eskabide-orria edozein posta-bulegotan edo Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) webgunean eskura dezake. Eskabidean adierazi behar du hauteskunde-dokumentazioa zein posta-helbidetan jaso nahi duen.
- Hautesleak eskabidea edozein posta-bulegotan entregatu dezake, NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren bidez nortasuna egiaztatu ondoren. Posta-zerbitzuko langileek egiaztatuko dute eskaeraren eta nortasuna egiaztatzeko agiriaren sinadurak bat datozela.
- On-line:
- Sociedad Estatal Correos y Telégrafos, S.A., S.M.E. webgunearen bidez. Hautesleak elektronikoki beteko ditu eskabidearen datuak eta sinadura. Horretarako, ezinbestekoa da ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa izatea.
Posta-zerbitzuetatik Hautesle Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzara bidaltzen dira jasotako eskaerak. Horrek eragingo du posta bidezko botoa eskatu dutenek erroldako zerrendetan marka baten bidez identifikatuta agertzea.
Posta bidezko botoa eskatzen bada, ezin da aurrez aurre bozkatu.
Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak honako hauek bidaliko ditu hautesleak eskabidean adierazitako helbidera:
- jarraibide-orria,
- boto-paperak,
- bozkatzeko gutun-azala,
- hautesle-erroldako inskripzio-ziurtagiria eta
- mahaiburuari zuzendutako gutun-azala.
Hautesleak berak jaso behar du aipatutako dokumentazio dakarren posta-bidalketa.
Dokumentazioa jaso ondoren, hautesleak hau egin behar du:
- Hautagai-zerrendaren boto-orria aukeratu (ez dagokio zuri bozkatzea erabakitzen badu).
- Sartu boto-orria bozkatzeko gutun-azalean, eta itxi (ez da behar boto zuria ematea erabakitzen bada).
- Hauteskunde mahaiburuari zuzendutako gutun-azalean honako hau sartu:
- Bozkatzeko gutun-azala.
- Hautesle-erroldako inskripzio-ziurtagiria.
- Mahaiburuari zuzendutako gutun-azala posta-bulego batera eraman eta posta ziurtatu bidez bidali, aldez aurretik identifikatuta (hautesleak edo notario bidez ahalduna izan den beste norbaitek bakarrik egin dezake bidalketa). Bidalketa doakoa da.
Hauteskunde-egunean, bozketa-ordutegian zehar, posta-zerbitzuak hauteskunde-mahaietara eramaten ditu jasotako posta bidezko boto-bidalketak. Bozketa amaitu eta gero, eta boto-kontaketa egin baino lehen, mahaiak mahaiburuari zuzendutako gutun-azal bakoitza irekiko du, errolda-ziurtagiriaren bidez hauteslea identifikatuko du eta bozketako gutun-azala hautestontzian sartuko du.