Logo Procesos electorales
Segurtasun Sailaren logoa

    Atzerrian bizi diren egoiliarren botoa

    Iraunkorki atzerrian bizi direnen botoa (edo AEHE botoa) honako 2 baldintza hauek betetzen dituztenek erabil dezakete: 

    • Modu iraunkorrean atzerrian bizitzea. 
    • Atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan (AEHE) inskribatuta egotea. 

    Lehen bidalketa

    Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak, ofizioz, honako agiri hauek bidaltzen ditu, posta ziurtatu bidez, AEHEren inskripzioan agertzen den helbidera:

    • Bozkatzeko moduari buruzko informazio-orria eta webgune ofizialaren helbidea. Webgunean eskuragarri daude hautagaitzak eta deskargatu daitezkeen boto-paperak. Botoaren sekretua bermatzeko, aldarrikatutako alderdi politiko guztien boto-paperak baino ezin dira telematikoki deskargatu. 
    • Boto-papera sartzeko gutun-azala. 
    • Hauteslea AEHEn inskribatuta dagoela egiaztatzen duten bi errolda-ziurtagiri. 
    • Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azala. 
    • Kontsulatuari edo enbaxadari zuzendutako gutun-azala. 
    • Botoa hautestontzian gordetzeko gaitutako zentroen zerrenda. 

    Bigarren bidalketa 

    Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak postaz bidaliko ditu boto-paperak AEHEko inskripzio-helbidera.

    Hautesleak lehen bidalketan jasotako dokumentazioa eta boto-paperak dituenean, 2 aukera ditu:

    Posta bidez bozkatzea.

    • Urratsak:
      1. Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azalean honako agiri hauek sartu:
        • Bozkatzeko gutun-azala, itxita, bozkatu nahi den hautagai-zerrendaren boto-papera barne duela (edo boto-paperarik gabe, zuriz bozkatzea erabakitzen bada).
        • Nortasuna egiaztatzeko Espainiako NAN edo pasaportearen fotokopia, edo, halakorik ezean, nazionalitate-ziurtagiria edo Kontsulatuko Matrikula Erregistroko inskripzio-ziurtagiria.
        • AEHEko inskripzio-ziurtagirietako bat; horren atzealdean hauteslearen sinadura eta pasaporte-zenbakia edo NANa jasoko dira.
      2. Kontsuletxeko bulegora edo atalera zuzendutako gutun-azal handian sartu:
        • Gutun-azal ertaina, Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari zuzendua.
        • AEHEko beste inskripzio-ziurtagiria.
      3. Herrialdeko posta-bulego batera joan, eta gutunazala pertsonalki eta, ahal denean, posta ziurtatu bidez bidali kontsuletxeko bulegora edo atalera. Frankeo-gastuak itzultzea eska daiteke.
    • Hautestontzian bozkatu 

    Egun batzuk emango dira aurrez aurreko bozketa egiteko. Bulego edo atal kontsularrek edo gaitutako lekuek boto-paperak eta gutun-azalak eskuragarri izatea bermatzen dute, bai eta botoa emateko beharrezkoa den gainerako dokumentazioa deskargatzeko behar diren baliabide informatikoak ere. 

    1. Hauteslearen ekintzak:
      1. Kontsuletxeko funtzionarioen aurrean nortasun-agiria erakustea: NANa, Espainiako pasaportea edo nazionalitate-ziurtagiria edo Kontsulatuko Matrikula Erregistroko inskripzio-ziurtagiria.
      2. Kontsuletxeko funtzionarioei AEHEko inskripzio-ziurtagiria ematea.
      3. Kontsuletxeko funtzionarioei Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari zuzendutako gutun-azal ertaina ematea. Gutun-azal horrek bozketako gutun-azala eduki behar du, itxita, boto-papera barne duela edo boto-paperarik gabe (botoa zuria bada).
    2. Kontsuletxeko funtzionarioen ekintzak:
      1. Hauteskunde batzordeari zuzendutako gutun-azalaren atzealdean sinatu eta bulego kontsularraren zigilua jarri, noiz bozkatu den adierazita.

    AEHE hautesleren bat aldi baterako Espainian badago hauteskunde-aldian, posta bidezko botoa eska dezake (Euskadin bizi direnek bezala). 

    Hautesleak Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzara bidali behar du eskabidea, eta bertan adierazi behar du atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEHE) agertzen dela eta baita ere dokumentazioa jasotzeko Espainiako helbidea zein den. 

    Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak dokumentazioa bidali badu jada atzerriko helbidera, berriro bidaliko du dokumentazioa Espainiako helbidera postaz bozkatu ahal izateko. Bidalketa berri horren AEHEko inskripzio-ziurtagiriak «BIKOIZTUA» marka darama. 

    Dokumentazioa jaso ondoren, hautesleak posta ziurtatu bidez bidali behar du botoa Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordera, posta-bulegoan bere nortasuna egiaztatu ondoren. 

    AEHE hautesleek ezin dute botoa aurrez aurre eman hauteskunde-mahaian.

    Hautestontzietan utzitako gutun-azalak (atzerriko toki gaituetan daudenak) eta postaz jasotako gutun-azalak (kontsuletxeko bulego eta ataletan) baliza diplomatikoz bidaltzen dira kontsuletxeko funtzionarioek egindako aktarekin batera, eta Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari helarazten zaizkio. 

    Boto-kontaketa orokorraren eguneko goizeko 08:00etan, Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordekideek hauteskunde-mahaia eratzen dute, hautagai-zerrendek izendatutako artekariekin. Batzordeburuak hautestontzian sartuko ditu egun horretara arte jasotako gutun-azalak. Aldi berean, batzordeko idazkaritzak erroldako ziurtagirietan agertzen diren datuak idatziko ditu boto-emaileen zerrenda zenbakiduna sortzeko. Boto-zenbaketa egiten da eta emaitzak boto-zenbaketa orokorrari gehitzen zaizkio.