Nork eman dezake botoa
Bete beharreko baldintzak
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-erroldan inskribatuta dauden eta adinez nagusi diren euskal herritar guztiek eman dezakete botoa, bai Euskadin bizi direnek (CER), bai atzerrian iraunkorki bizi direnek (CERA). Hauteskundeei dagokienez, AEHE hautesleei (CERA) udalerria egokitzen zaie hurrengo irizpideei jarraituta:
- Pertsona Euskadin erroldatuta egon den azken udalerria.
- Edo pertsonaren edo haren gurasoen sustraitze handiena duen udalerria. Irizpide hori erabiltzen da Euskadin inoiz bizi izan ez diren espainiar nazionalitateko pertsonen kasuan.
Hauteslea mahaiko erroldan agertzen ez bada, bere inskripzioa egiazta dezake mahaiburuari epai judiziala edo erroldan alta emateko errolda-ziurtagiri espezifikoa aurkeztuta. Ziurtagiri hori Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzak emango du.
Epai judizial irmo bidez sufragio-eskubideaz gabetzeko zigorrera kondenatutakoek ezin dute botorik eman.
Hautesle Errolda
Hauteskunde-prozesu bakoitzean erabiltzen den errolda da deialdiaren dataren aurreko bigarren hilabeteko lehen egunean itxitakoa.
Errolda-txartela Hautesle Erroldaren Bulegoak postaz bidaltzen dio hautesle bakoitzari. Errolda-txartelean jasotzen da, bai hauteslearen errolda-inskripzioaren datu eguneratuak, bai botoa emateko hautesleari dagozkion atala eta mahaia.
Hautesle-erroldako inskripzioa egiazta daiteke:
- Baliabide informatikoen bidez, Estatistikako Institutu Nazionalaren web orrian. Kontsulta Cl@ve sistemaren bidez edo ziurtagiri elektronikoa erabilita egin daiteke.
- Aurrez aurre, hautesleak dagokion Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzara jo dezake, bulego horrek etengabeko kontsulta egiteko errolda eguneratua baitu.
Horretaz gain, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deialdiaren ondoren, errolda-inskripzioa egiazta daiteke:
- Udaletan eta kontsulatuetan, hauteskunde-zerrendak 8 egunez erakusten baitituzte hauteskunde-deialdiaren ondorengo 6. egunetik aurrera.
- Hautesle Erroldaren Bulegoak hauteskunde-prozesu zehatzerako gaitzen duen beste edozein bide erabilita.
Datuak zuzenak ez badira, edozein hauteslek aurkez dezake erreklamazioa:
- Dagokion Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzan.
- Bizi den udalerriko udalean: hauteskunde-zerrendak ikusgai dauden bitartean.
Boto-eskubidea
- Botoa ematea oinarrizko-eskubide unibertsala, askea, berdina, zuzena eta sekretua da:
- Unibertsala, adinez nagusi diren pertsona guztiek erabil ditzaketelako beren eskubide zibil eta politikoak.
- Librea, inor ezin delako behartu botoa ematera, ezta botoa zentzu jakin batean baldintzatzera ere.
- Berdina, boto guztiek balio bera dutelako hautesbarrutian.
- Zuzena, botoaren bidez gai publikoetan ordezkatzen dituztenak aukeratzen dituztelako.
- Sekretua, ezin baita inor behartu bere botoaren zentzua adieraztera.
- Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako bozketa-ordutegiarekin bat datorren lanaldia duten hautesleek gehienez 4 orduko baimen ordaindua izateko eskubidea dute. Hori justifikatzeko, botoa eman dutela egiaztatzen duen ziurtagiria eska diezaiokete mahaiburuari.