Logo Procesos electorales
Segurtasun Sailaren logoa

    Aldi baterako atzerrian bizi direnen botoa

    Aldi baterako atzerrian bizi direnen posta bidezko botoa (edo ERTA botoa) honako 2 baldintza hauek betetzen dituztenek erabil dezakete: 

    • Aldi baterako atzerrian bizitzea hauteskundeetarako deialdiaren eta bozketa-egunaren artean. 
    • Kontsulatuaren matrikula-erregistroan «ez-egoiliar» gisa inskribatuta egotea. Aurrez egin daiteke inskripzioa, edo posta bidezko boto-eskabidea entregatzen den unean bertan. 

    Eskabidea bi modutan lor daiteke:

    • Kontsuletxeko bulegoan edo atalean jaso. 
    • Eusko Jaurlaritzaren webgunetik edo Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren webgunetik deskargatu. 

    Eskabidea jaso edo deskargatu ondoren, prozedura honi jarraituko zaio:

    1. Hauteslearen ekintzak:
      1. Eskabidea betetzea eta dokumentazioa zein posta-helbidetan jaso nahi duen adieraztea.
      2. Kontsuletxeko bulego edo atal batera joatea.
      3. Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzari zuzendutako eskabidea entregatzea, eta NANaren edo pasaportearen bidez identifikatzea.
    2. Bulego edo atal kontsularraren ekintzak:
      1. Eskaeraren sinadura NANaren edo pasaportearen sinadurarekin bat datorrela egiaztatzea, eta kontsulatuaren matrikula-erregistroan «ez-egoiliar» gisa inskribatuta dagoela ziurtatzea. Hauteslea erregistroan jasota ez badago, une horretan egin dezake inskripzioa.
      2. Botoa postaz emateko eskabidea Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzara bidaltzea.

    Posta bidezko botoa eskatzen bada, ezin da aurrez aurre bozkatu.

    Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak honako hauek bidaliko ditu hautesleak eskabidean adierazitako helbidera:

    • jarraibide-orria, 
    • boto-paperak, 
    • bozkatzeko gutun-azala, 
    • hautesle-erroldako inskripzio-ziurtagiria eta 
    • mahaiburuari zuzendutako gutun-azala. 

    Hautesleak berak jaso behar du aipatutako dokumentazio dakarren posta-bidalketa.

    Hauteslearen eginbeharrak dokumentazioa jaso ondoren:

    1. Hautagai-zerrendaren boto-papera aukeratu (boto zuria ematen badu izan ezik).
    2. Sartu boto-papera bozkatzeko gutun-azalean, eta itxi (boto zuria ematen badu izan ezik)
    3. Hauteskunde mahaiburuari  zuzendutako gutun-azalean honako hau sartu: 
      • Bozkatzeko gutun-azala.
      • Hautesle-erroldako inskripzio-ziurtagiria. 
    4. Gutun-azala posta ziurtatu bidez bidali mahaira, aldi baterako bizitzen dagoen herrialdeko posta-bulego batetik. Posta-bulegoak zigilu-marka edo inskripzio ofiziala jarriko du gutun-azalean, aurkezpen-data egiaztatzeko. Frankeo-gastuak itzultzea eska daiteke. 

    Hauteskunde-egunean, bozketa-ordutegian zehar, posta-zerbitzuak hauteskunde-mahaietara eramaten ditu jasotako posta bidezko boto-bidalketak. Bozketa amaitu eta gero, eta boto-kontaketa egin baino lehen, mahaiak mahaiburuari zuzendutako gutun-azal bakoitza irekiko du, errolda-ziurtagiriaren bidez hauteslea identifikatuko du eta bozketako gutun-azala hautestontzian sartuko du.